XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Gaur egungo atmosferaren egitura

Lurraren atmosfera gas-geruza bat da, 500 km inguruko lodierakoa.

Dentsitatea altuerarekin aldatzen zaio, Lurretik zenbat eta gehiago urrundu gero eta txikiagoa delarik.

Lehen 80 km-etan konposaera uniformea da (% 78 nitrogenoa, % 21 oxigenoa, % 0,03 karbono dioxidoa, eta beste gas batzuen hondarrak) eta, beraz, alde horri homosfera deitzen zaio; alde urrunenean, aldiz, konposaera aldakorra da, eta heterosfera deritza.

Tenperatura-aldaketak kontuan izanez gero, lau geruza desberdin bereiz daitezke:

- Troposfera, lurrazalaren gain-gainean dagoen geruza; tenperaturak beheraka egiten du pixkanaka lurrazaletik urrundu ahala (6,5 ampdeg;C inguru kilometroko).

Altuera jakin batera iritsitakoan (tropopausa), joera alderantzikatu egiten da, eta tenperaturak berriz goraka hasten dira.

Hori da troposferaren goiko muga, 10-12 km-ko altueran. Oso geruza ezegonkorra da, eta klimarekin zerikusia duten fenomeno guztiak gertatzen dira bertan.

- Estratosfera troposferaren gainetik dago, eta 50 km-ko altueraraino iristen da gutxi gorabehera. Hor dago ozono-geruza famatua, erradiazio ultramorea zurgatu eta izaki bizidunak ondorio kaltegarrietatik babesten dituena.

Gainera, horrek gasak berotzea dakar, eta ondorioz tenperatura igoz doa bere gorena estratopausan iritsi arte; hor dago hurrengo geruzarekiko muga.

- Mesosfera 80 km inguruko altueraraino iristen da, eta bertan tenperaturak behera egiten du atzera, mesopausara iritsi arte; han -100 ampdeg;C-ko tenperatura dago. Geruza horretan, gasen dentsitatea oso baxua da.

- Azkenik, termosfera dugu. Horko tenperatura Eguzkiaren jardueraren gorabeheren araberakoa da, eta gehitze termikoa erradiazio ultramorea zurgatzeari zor zaio.

Aurreko testuak ematen dizkizun datuez baliatuz, adierazi grafikoan atmosferaren geruzak eta mugak.

Grafiko horretantxe, jarri altuera desberdinei dagozkien tenperaturak, eta marraztu planeta inguratzen duten aire-geruzetako aldaketa termikoak adierazten dituen kurba.